XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Umeak jolasez bizi dira, gazteak ametsez eta zaharrak oroitzapenez.

Benetakoa ez dan ekintzari jolasa deritxogu.

Beraz, jolasa, garrantzi bako gauzatzat hartu izan da orain arte...

Behin honezkero, ondo dakigu umearentzat jolasa ez dala txantxetakoa, gitxiago oraindik badaezpadako zerbait, gauzarik serioenetarikoa baino.

Ez da alperriko denbora emote garrantzi bakoa.

Haren bizitzan ezer bada garrantzizkorik, beharrezkorik, horreek maitasuna eta jolasa dira.

Horretaz oharturik, KILI-KILIk jolasa darabil bere maisu-lanean: Kili-jaiak, txangoak Euskal Herrian zehar, zozketak...

Kili-irratiak ere, era batera edo bestera, jolasa erabili ohi dau.

Jolasa eta umore ona.

Txikiei irribarre eragitea, bihotzean kili-kili egitea izan ohi da haren gogoa.

Umeen erara, jolasez, pozez, umorez... euskal kulturazko hainbat gauzatxo kopau txikitan eskeiniz...

Jakina! gauzarik onenaz ere, bat-batean betekada haundiegia egin ezkero, kaltegarri litzateke.

Betiko ok eginda geratzeko arriskua legoke gainera.

Horregaitik, KILI-KILIk pitinka-pitinka emoten daki.

Hazur hutsik eta ozpinik ez.

Beti jaki gozo eta mamintsua.

KILI-KILI umeen munduan sartzen da eta hareena jolasa da.

Euskera jolasarekin bat eginik bizi dabe.

Jolas-euskera hori da euskera bizia, nahiz eta eskola barrukoa ere guztiz beharrezkoa izan.

Egindako lan batzuk

Lehenengotan Bilboko San Antongo zubiondotik ezkutu-gordeka, kukuka hasi jakun.

Aldi latzak ziran hareek...

Madrileko Pardokoa bizi zan oraindik, eta... haren lagunak han-hor-hemen sakabanaturik, berton geunkazan, ustekabean edonon sarraskia egiteko prest.

Diktadurapean argi ibili behar.

Orduan horrelako ekintzak debeku eta madarikazioak beti ere gainean izaten zituen eta, eliz gela eta antzeko lekuak erabiliz emon zituan KILI-KILIk lehenengo pausutxoak.